XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zer egin behar genuen?

Ezer ez.

Denbora pasatzen utzi, ezertxo ere idatzi gabe.

Izan ziren gure artean, gai hau eztabaidatu genuenean, Txintxetaren kontrako zerbait idaztea defenditu zutenak, denok gauza bera, baina ez ginen ados jarri zer testu idatzi:

batzuek zerbait gogorra proposatzen zuten, eta beste batzuek ez zuten irainera iritsi nahi, gizabideko protesta bat egin nahi zuten: Ez dugu azterketa hau onartzen edo antzeko zerbait.

- Eta zenbat aldiz idatzi behar dugu esaldi bera?

- Ez dakit, azterketako denbora bukatu arte edo.

- Bai zera!

- Horrek zigorra ematen du: idatzi mila aldiz Txintxoa izango naiz.

Kontuak kontu, azkenean ezer ez idaztea erabaki genuen.

Testutxo bat errepikatzea erabaki bagenu, Txintxetak ez zuen ezer susmatuko azterketa zuzentzen hasi arte.

Baina horrela, denok eskuak geldi, paperak txuri, baita nota onak ateratzen zituztenenak ere, berehala konturatu zen zerbait arraroa ari zela gertatzen.

- Zer: niri adarra jo nahian ala? esan zuen segituan.

Gure artean zurrumurru txikiena ere ez.

- Ezin esango duzue galdera zailegiak direnik, denak klasean azaldutakoak dira.